150 URTE DURANGOREN ZERBITZUAN, DURANGARRAK HEZTEN ETA ESKOLA MUNDUA ETENGABE BERRITZEN

San Antonio ikastetxea bi ikastetxek bateginda sortu zen: batetik, klaratarren San Antonio ikastetxeak, eta agustindarren Santa Ritakbestetik. Mende eta erdiko ibilbide honetan, nesken barnetegia izatetik ikastetxe mistoa izatera pasatu da. 1867. urtean sortu zuten nesken barnetegia, mota honetako lehenengo ikastetxea Bizkaian.

1993an, Durangoko lehenengo haurtzaindegia zabaldu zen,0 urtetik aurrerako umeentzat, durangarren beharrei erantzuteko eta lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko.

Ikastetxean, balioetan oinarritutako heziketa hasieratik bultzatzaz gain, beste hizkuntza batzuk eskaintzearen apustua egin zen: frantsesa eta alemana. Berriz ere, horrelako eskaintza zeukan Durangoko ikastetxe bakarra izan zen.

1999an, erronka berriak iritsi ziren: irakasleek, ikastetxeko gidaritza hartu, eta irakasleen kooperatiba sortu zuten, Durangoko irakasle kooperatiba bakarra. Horrek desafio galanta ekarri zien irakasleei, aldi berean irakaskuntzaz eta ikastetxearen kudeaketaz arduratu behar izan baitzuten.

Ordutik aurrera, irakasleon esku dago ikastetxearen kudeaketa osoa. Motibazioa eta inplikazioa dira kalitatezko ikastetxe bat eskaintzeko gure kooperatibako zutarri garrantzitsuenak.

Ikasleen hezkuntza integrala dagure egitasmo nagusia; hau da, ikasleak bai akademikoki bai pertsona modura heztea, bizitzan autonomiarekin eta erantzukizunarekin jokatzeko garatu daitezen, baliabide eta balio egokiez hornituta. Hala, saiatzen gara ikasleen beharrei erantzuten, eta familien arazoen aurrean ere babesa ematen, ahal dugun neurrian, familien eta eskolaren arteko harreman estua ezarrita haurtzaindegian hasi eta DBH bukatu arte.